Eragindako mutazioa Eroskin

Eroski

Eroski

Simon Martinez de Arroyabe, Agustin Zugasti, Anton Elorza. Mondragon taldeko kideak

Iberdrolan eta, oro har, enpresa handietan, botere-gunea Euskal Herritik kanpora ateratzeko aukera zabalik egotea erne dagoenarentzat kezka-iturri izan da. Ona da, ordea, kezkatze hori, erabat normalizatu gabe dagoen herri txiki baten etorkizuna -gureaz ari gara- bertako enpresarik estrategikoenek hartutako konpromisoaren baldintzapean baitago, hein batez.
Oso litekeena da epe laburrean adiera horretako eragiketa latz bat gorpuztea. Eroski euskal talde kooperatiboa espainiar talde kooperatibo bihurtzeko atzera gabeko bidetik abia liteke, bere filial espainoletan langileak masiboki bazkide bihurtu eta, hortaz, boterea pixkanaka beren esku hartzen badute. Aukera horri heltzekotan, ez dirudi urrun dagoenik Eroskiren zentrala Madrilen kokatzea, enpresa-logikak ez ezik, erakundeen gehiengoaren logikak ere hala agintzen baitu.

Kontua aintzat hartzekoa da, alde baterako zein besterako alarmismorik gabe, eta bestelako aukerak proposatzeko argumentuak, era berean, alarmismorik gabe jorratu behar dira. Artikulu hau idazteko erabakiaren funtsa, tamalez, gai honen inguruan eztabaida egiteko hautabide falta nabarmena da (hori ere, enpresa demokrazia batean biziki kezkagarria bada ere).

Eztabaida saihesteko moduetako bat, euskal eremuaren aldeko jarrera guztiak deskalifikatzea da. Enpresen erabaki-eremu nazionalak defendatzea ohiko kontua da eta, eragin ere, estatu baten mekanismoek horrela eragiten dute maiz. Baina horrelako mekanismoak ez dauzkan gizarteari dauzkatenek era guztietako –keriak egozten dizkiote, muturrerainoko zinismoa erakutsiz, hauek naturaltasun osoz egiten dutenaren ehunetik bat ere hark planteatzen badu. Euskal eremuak muga errealik ez izateaz pozik egon gaitezke mugen aldeko ez garenok, geure erabaki eremutik abiatuta nolabaiteko bokazio unibertsalista daukagunok, alegia. Espainiak berriz, muga erreal-errealak dauzka, beren ondorio eta guzti.

Sarkastikoa da, oso, Eroski talde espainol bihurtu nahi dutenek erabaki-eremu kooperatibo historikoak deslegitimatzeko diskurtsoa erabiltzea: irekierarik ez agertzea egozten digute, beren burua euskal eremua gainditu duen modernotasunaren jabe hartuta… eta espainol eremura egiten dute, nahiz eta hori euskal eremua baino askoz ere mugadunago den. Diskurtso hori bera darabilte jarrera savatertarrek, euskal eremuaren kontra aritzeko: taktikoki «mugen aurkako» diskurtso filosofiko unibertsalistaz baliatzen dira baina, une politiko erabakigarrian, beren pasio ultra-espainolista nabarmendu zaie beti.

Eroskiko zuzendaritzaren diskurtsoan gorpuzten den trukua espainiar nazionalismoko magoek darabilten bera da. Kide garen herriaren alde eta kohesioz jokatzearren, erabaki kooperatiboaren euskal eremua defendatzeko asmoa (gehiengoarena, atxikipenak neurtuko lituzkeen testa zintzotasunez egingo balitz) agertu bezain laster, etiketa ezarri zaio: nazionalista da. Egiari zor, kontrol-eremua mugarik gabeko nazioa izan ordez, kontrol-eremua mugadun nazioa izatea da Eroskiko zuzendaritzaren nahia. Eroskin, balizko asmo aperturista eta unibertsalisten zerumuga zehazki mugatua dago: Eroski enpresa talde espainol bihurtzea.

Akats historikoak errepikatzeko arriskuan gaude. Gure herriak bizi duen asaldaketa eta liskarren klabe nagusietakoa industri iraultzaren hastapenean burgesia industrialak Espainiaren alde jokatu izana da, Europako merkatuko aukerak ahultzen ari zirelarik estatuan ikusi baitzituen ateak zabalik (errenazimendu-ostekoan puntako ekonomia eraikia bazuen ere). Apustu ekonomiko erosoenak agindutako orientazioak indar ekonomikoen eta herriaren gehiengoaren baitan sorturiko helmugen arteko dibortzioa eragin zuen. Ehunka urte eman ditugu haustura ordaintzen.

Aspaldian Neguriren apustuaren osagai antzekoak darabiltzatenez, badirudi Eroskiko zuzendariak Espainiaren nozioarekin bat egitearen aldeko direla. Eta, eragiketan berariazko interesa duen espainiar indar politikoekin harreman politikoak eratu dituzte. Euskal erabaki eremuari eustearen alde legokeen gehiengo isilak, berriz, ez du inolako jarduerarik agertu. Bada arazo erantsi bat: kooperatibetan hori ez da kapital-eragiketa hutsa, bazkide-gorputz osoarena baizik, eta oso bestelako ondorioak ditu. Mega-talde espainiarra osatzeko burutazioa izan dutenek zio kooperatiboaren funtsezko alorrak saihestu dituzte. Esan gabe doa: eragiketan asko dugu jokoan.

Ba ote da Eroski antolatzeko bestelako formularik? Horixe badela; eta, gainera, talde kooperatiboaren etorkizunari dagokionez, hobeak dira beste horiek: bide argiak, enpresaren ikuspegitik egokiak, kooperatiba ideiaren geroarekin konpromiso sakonagoa daukatenak. Enpresa hobetu daiteke, hein egoki batean haz daiteke, balioen arabera, jatorrizko eremuen nortasunari uko egin gabe, etorkizunean kohesio-arazo larriak izango lituzketen mega-taldeetan barreiatu gabe eta, azkenean, kooperatibaren hazia orokorki galtzeko arriskua hartu gabe. Talde espainola sortze aldera egiteko baliatzen den argudioa arras sentikorra da, kooperatibisten bihotza hunkitzen baitu: bazkide izateko eskubidea zabaltzea, alegia. Dena den, ahul dabilen kooperatiba-kultura bati egin dakiokeen okerrena bat-batean bestelako geografietara hedaraztea da, horietan dagoen oinarria are eta ahulagoa baita. Badira Eroski kooperatibaren etorkizuna eusteko bide egokiagoak. Baina horietaz eztabaidatzeko tarte gutxi uzten du Eroskik.

Ederki dakigu gauzak horrela izateak Mondragon taldeko hainbat kooperatibatan probokatzen duen kezka larria dela, gertatzen ari denaz bazkide gehientsuenak jabetuak ez dauden arren. Egoera honek badu kezkatzeko moduko beste pare bat ezaugarri, ordea: kinka larri horren aurrean Mondragon korporazioko goi-organoetan egonkortu omen den nagitasun mentala, batetik, eta, goian aipaturiko truku ideologikoa ikusirik, erakutsi duten paralisia, bestetik.

Horrek guztiak, egunez egun zabalago bihurtzen ari den talde kooperatiboa nortasun eta erreferentzi iturriak gero eta azkarrago galtzera eroan dezake, luze gabe. Izarietan hazte hori eta erreferentzia- eta nortasun-eremuei eustea uztartzen asmatu ezean, kohesio gabezia eta izaera arrailtzea izango da geroan kooperatiben kontu behinena. Oinak buztinezkoak

Responder

Introduce tus datos o haz clic en un icono para iniciar sesión:

Logo de WordPress.com

Estás comentando usando tu cuenta de WordPress.com. Cerrar sesión / Cambiar )

Imagen de Twitter

Estás comentando usando tu cuenta de Twitter. Cerrar sesión / Cambiar )

Foto de Facebook

Estás comentando usando tu cuenta de Facebook. Cerrar sesión / Cambiar )

Google+ photo

Estás comentando usando tu cuenta de Google+. Cerrar sesión / Cambiar )

Conectando a %s